XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MINTZOA TA OIHARTZUNA

Larresosok idatziei, arreta bizia egiten diegu euskaltzale gehienok.

Erabiltzen dituan gaiak bizi-biziak izaten direlako izango da arreta hori, nik uste.

Baita, inguru-minguru ibili gabe, gaiaren erroetara jotzen dakialako ere.

Oraingoan, Euskaltzaleei mintzo dagigu.

Eta zer diño?

Bere mintzoa, lanerako dei bat dala.

Baiña benetan, mintzo hori, zerbait gehiago ere bada.

Bai horixe.

Gaur euskerari buruz darabilgun nahas-burruka hontan jarkera garbi bat azaltzea dala uste dut.

Garbizalekeria eta mordoilozalekeria, euskera ez ezagutzearen ondorenak direla.

Ezer bortxatu gabe eta euskal erroak erabiliz, zentzuzko hitz berri anitz asma daitekeela.

Berton sustraiturik dagoen, kanpotiko hitz asko onartu beharra dagoela, bai, baiñan euskal molde jatorretan taiuturik.

Eta euskerarekiko zientzi-idorokundeak aintzat hartu beharra dagoela.

Euskera landu eta batu bat tajutu nahi baldin badugu, ez dagoela idorokundeok alde batera uzterik... Hona hemen, gaur euskaltzale zentzudun gehienok ontzat dugun ustepidea eta ene ustez, ezer onik egingo baldin badugu nolanahi hartu behar dugun jokabidea.

Aspaldi nuen holako erizpide batzuk jaurtzeko gogoa baiña ez da erraza izaten ausartzea.

Izan ere, gure artean, bihotzak (edo ez dakit gibela ez dan izaten) sena illuntzen digu.

Eta aurrekoarena entzuteaz batera, azpitiko xedea billatzen diogu.

Eta horrela ez dago, argia non dagoen edo egia zer den jakiterik.

Bestalde, bada ikuskera mota ezberdiñik gure arazo hontan.

Garbi idorrarekin edo mordoillo ziriñarekin maitemindurik dauden bik, batak bestearena itzulieta ikusten dute.

Eta euskaldun berri batek edo berezko batek, badute erizkera bereizirik.

Gaiñera, mendebaltarra edo ekialdekoa izan... bada bai gure artean korapillorik.

Larresoron esanetatik, bi puntu bereizgarri aurkitu ditut.

Besteak muturretakoen berdinkera, zentzuzko itzen sorteraztea eta jatortuen onartzea, seneko euskaltzaleen baietza badute.

Bereizten ditudan biok ere bai, baiñan neroni aztergarriago zaizkit.

Lehenengoa, euskal molde jatorren errespeta beharra eta areago izkuntzaren berezko zentzu bereziaren arakatu beharra, ez nituen euskaldun berri baten ahotik itxoiten.

Eta horrexek poztu nau.

Izan ere, gaur, euskeraren izatea, euskaldun herriengan dago, zati aundi batean behintzat.

Beroiengan dugu arrisku aundi bat ere.

Erdal izaera eta pentsaera bat, euskeraz jantzirik, gure artean nagusitzea.

Hauxe berbera da, bi muturretako hoek lekarkiguketen ondorena ere.

Bai, berezko euskaldunok, maizetan beldur izaten diogu euskaldun berri baten erdal senari, eta izan ere, beldurgarri izaten da iñoiz.

Baiñan nola eskatuko diogu, euskera ikasi eta erabiliz gaiñera, bere gunetako erdal-kutsua ere errotik alda dezala?

Gauza hau ez baita norberaren nahimenaren mende izaten.

Hala ere, ikusten dugu batak eta besteak lortzen duela eta pozgarri zaigu.

Euskaldun berri batek esan du, gu esatera ausartzen ez giñena.

Lehenago ere askok esan du, baiñan gaurkoek diñoena eta dagitena, biharkoaren iragarpen dugu.

Badugu beraz, arazo pentsagarri bat euskaltzaleok, idorkeriaz eta zirinkeriaz itsuturik direnek batez ere.

Beste puntua, zientzi-idorokundeena (izkuntzari buruzkoena noski) garrantzi aundikoa dugu.

Eta jokerak argitu beharrezkoa ere.

Gure idazle hau, egiaren billa dabiltzen hoetakoa dala uste dut, ziñez.

Eta egiaren billa dabillana, berehala ezagutzen da: bere usteetatik ateratzen jakiten du ta besteenak entzuten eta onak baldin badira onartzen.

Bere eritzietatik jetxi eta besteenetara makurtzen, argiago baldin badira; ustez aldatzen egiak horrela eskatzen duenean eta beti, dakiana gehiagotzen eta sakonagotzen, baita besteri erakusten ere.

Hontan, Barandiaran zait jarraigarri eta harrigarri.

Baiñan zoritxarrez, euskal gizartea bestelakoz beterik dugu.

Zenbait ez ote gabiltz, egia (aldaeziña gaiñera) poltxikoan dugularik, besteri irakasteko gertu?

Eta ikasi nahi ez baldin badu, muturretakoa emateko ere?

Larresorok gai hau aipatzean, zabal eta sakon sentitzen duela pentsatu nahi dut.

Eta idorokundeaz ari delarik, guztiak onartzen dituela: atzokoak, gaurkoak eta biharkoak; ekialdekoak eta mendebaldekoak; urliarenak nahiz berendiarenak.

Eta argirik argiena aurkitu nahi duela.

Euskerari buruz ardura dugunok (euskerari buruz ez duenak euskalerriari buruz ere ez du izaten funtsean) gure jokerak eta eritziak argitu eta iragarri beharra dugula uste dut.

Gure gibeletako sentipenak giltzurriñetatik bialduz, oiñarri sakon eta garbi batzuen inguru batu beharra.

Nik, mintzo hortako oiñarriok onartzen ditut eta bide hortatik jokatu beharra dagoela uste dut.

Eta euskera batu bat egokitzean, euskal arlo guztiek aprobetxatu behar ditugula.

Gure euskalkiek erdeñatu ordez ondo arakatu eta duten alde onez baliatu behar dugula.

Gure aurretiko jakintsu guztien gauza onak geureganatu behar ditugula eta ertzikeriaz, arrokeriaz edo norberekeriaz ez dugula euskeraren altzik ere ondatu behar.

Horrelaxe egin ahal izango dugu guztiontzako aintzagarri eta aribide litzatekeen izkera eredu bat.

Eta bizi diren euskalkiak suntsitu ordez, indartu, aberastu eta alkerrenganatu.

Ez baita ezer onik egingo mendebaldea zapuzturik utziz edo ekialdea zorabiatuz.

Bai, jaunok, euskalerria eta euskera ezer izango baldin badira, orintxe loratzen doan gizaldiaren esku dago.

Wallymunik nahi ez baldin badugu, geu, ezur eta azalezko gizonongan dago.

Urrujulegik diñoan galanda ezarteko edo abe berriak ipintzeko ordua eldua dugu.

Ta bakoitzari bere izenez deitzekoa.

Baita, asmo oneko guztiengan pentsatuz, beste ibar batzuetan modan dagoan apertura bat egitekoa ere.

Ertzikeriaz ez dugu ezer onik egingo, ertzidurak barnekoa lehenen ittotzen baitu.

Zerbait iraunkor egitekotan, irekiago eta egiaren billatzalleago izan behar dugu.

Biharko gazteria zentzuzkoagoa izango zaigu agian eta biharko idorokundeak gaurkoak baiño argiago eta sakonagoak.

Beraz zertarako, bihar eroriko dan etxeska bat eraiki?

Goazen gaurtik oiñarri egokiak ipiniz eta orma sendoak eraikiz.

KAPANAGA.